XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- A, baina horiek ez dira sahib angrezi-ak... ez dira jende alaia, Fostum sahiba edo Yankling sahiba bezalalakoak.

Atzerritarrak dira... ez dakite angreziz hizketan, sahibek bezala.

Une hartan lama, eztulka, eseri egin zen, errosarioaren bila.

- Ez da hilik izango - murmuriatu zuen.

Zuzena da Gurpila! Gaitza gaitzaren gainean....

- Ez, maisu.

Hemen gara denok - Ao-chungeko gizonak lamaren oinak jo zituen poliki.

Zuk aginduta ez bada, ez da inor hilik gertatuko.

Egon piska batean.

Akanpaleku txiki bat egingo dugu hemen, eta gero, ilargia goian denean, Shamlegh Elurpekora joango gara.

- Astindu baten ondoren esan zuen Spitiko gizon batek ahots betez, lo egitea da onena.

- Ezinegona daukat lepoaren atzekaldean, eta zerbaiten estuasuna edo.

Utzidazu burua zure magalean jartzen, chela.

Zaharra naiz, baina ez grinik gabea... Gauzen Kausan pentsatu behar dugu.

- Emaiozu maindire bat.

Ezin dugu surik piztu, bestela sahibek ikusi egingo gaituzte eta.

- Hobe dugu Shamleghera joan.

Inork ez gaitu Shamlegheraino jarraituko.

Rampurreko gizon urduria ari zen hizketan.

- Fostum sahiben shikarria izana naiz, eta Yankling sahiben shikarria naiz orain.

Yankling sahibarekin nengoke orain bigar(lan) madarikatu honengatik izan ez balitz.

Egon daitezela bi gizon behean zelatan pistolak hartuta, ez dezaten sahibek erokeria gehiago egin.

Nik ez dut utziko gizon santua.

Eseri egin ziren, lamarengandik ez oso bertan, eta, piska batean entzuten egon ondoren, nargile bat pasa zuten: Day and Martin botila zahar bat zen uraren ontzia.

Ikatz gorriaren argiak, eskuz esku joan ahala, begi estu, erdi itxiak argitzen zituen, matrailezur altuak, eta sorbalden inguruko artilezko tolesduretan desagertzen zen lepo sendoa.

Mehatz majiko bateko iratxoak ziruditen, mendietako gnomoak bilkuran.

Eta hizketan jarduten zuten artean, inguruko ur-lasterren soinuak banaka-banaka desagertu ziren, gaueko izotzak errekak ito eta itxutzen zituenarekin batera.